Ez diot Georges Perec erraldoiaren Gogoan dut liburu gaitzari atal berririk gehituko. Baina azaroaren lehen honek haurtzaroko meza bideetara eramaten nau, Kaskiletako biztanleak, oinez eta lerroan, barra-barra hizketan —euskaraz, garai hartan— elizara gindoazelarik, saindu guzien ohoratzeko. Alargunez inguraturik egiten genuen bidea, beltzez jantziak denak, asteko berriak oro ikasiz.
Ezkila joaldiek eta intsentsu usainek trenputxartzear uzten gintuzten. Zeremonia finitzean, papo gorri kantarien moduan, elizatik lasterka ateratzen ginen plaza hutsean pilotan aritzeko, aitak eman sosarekin erosi karameluak partekatuz. Uste dut bagenekiela zer zen Omiasainduz oroitzen genuen heriotzaren funts hori, etxean ez baitzen besterik aipatzen, izan ni baino lehen sortu berrian zendu umeak edo izeba baten herio misteriotsua. Pertsona hilotzak ere ikusiak genituen ordukoz.
Gaur egun, etxeko hilerria garbitzeko biltzen gara haurrideak. Zulo horretan finituko dugula badakigu, baina arraileria da nagusi, burla haize hotzak bazterrak trikutzen dituen bitartean.