Aurki urtebetetzea ospatu nahiko duela eta, harentzat opari bila hasi da behinola lagun-minena izan zuena. Azkar batean, lepoko zapi koloretsua otu zaio, edo belarritakoak, baina topikotik urrundu nahiko luke, bereziagorik eskaini ahal dela, garai bateko adiskidantzaren izenean.
Haren izaeraz hasi da hausnarrean, haren gustuez, nolakotasunez...—Perfumea? —. Zenbat eta gehiago arakatu, orduan eta tinkoago nagusitzen zaio, ordea, berriki darabilen hizkera; Donostiara bizitzera joanez geroztik—diskoren bat?—, eta senarraren erruz bistan dena, harrika bezala botatzen dituen krimen linguistikoak. Mailuka ari zaizkio oraintxe: «Ni uste det, ke...», «Amaia nire bizilaguna esan dit», «porke guai da», eta «nire umeari ez zaio hanburgesa gustatzen, bera nahiago du txuleta»... Arranopola, hori da zokor mazoa. Pentsatze hutsak sutan jarri du. Egunean eskas dituen K guztiak janaraziko lizkioke gustura —Patxi Goenagaren gramatika liburua egokiena, bai horixe—, tori eta tori ergatiboa —zabaldu ere ez du egingo-eta!—. Baina munstro garbizalearena egin beharko luke hargatik. Laino erradioaktiboan ito beharrean ikusi du bere burua, zorioneko opariak ataka gaitzean jarri duelako: lagun zaharrari bekatuak barkatu ala euskara salbatu...
—Ba, aterki bat eta kito.
BIRA
Oparia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu