Miren Amuriza.
BIRA

Ostrukarena

2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuek ez dakizue Erpurutxoren benetako bertsioa. Erpurutxok bidean laga zituen harri kozkorrak, ostrukak jan zituen. Halako batean, burua jiratu zuen umeak eta harritxoak falta zirela ohartu: «Zelan bueltatuko naiz etxera?». Eta ostrukak: «Zatoz neurekin!». Eta umeak: «Baina orduan ez dut nire familia berriz ikusiko!». Eta ostrukak: «Basoan abandonatu bazaituzte, zurekin egoteko gogo handirik ez dute izango, txo!». Eta umeak: «Baliteke... Egia esanda, aitak jo egiten ninduen». Eta ostrukak: «Erpuru jaunak, jo? Onartezina! Seme-alabek gurasoak jo ezin badituzte, zergatik jo ditzakete aita-amek haurrak?». Eta Erpurutxo ostrukaren gainean jarri zen eta urrun-urrunera joan ziren. Horixe omen benetako bertsioa, Jacques Prévert poeta frantsesak Ume ez hain onentzako ipuinak (1947) liburuan kontatua.

Satira egin zuen Prévertek, txikienentzako, nola gurean H28 aldizkariak helduentzat. Sortzaileok zeresana eman dute azken asteotan Nafarroako komiki azokak zentsuratu ondotik; ikasgelatik bota zituzten, ume ez hain onak bezala, irakasle estresatu eta ikaskide arautuak deseroso sentiarazteagatik. Baina mesede egingo ez ote dien; gauza jakina baita ume ez hain onak korridoreetan juntatzen direnean (irudimena + amorrua) irteten direla ideiarik esplosiboenak. Eta igual, usterik gutxienean, ostruka batailoiek hartuko dituzte eskolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.