
BIRA
Otsandak
Pertsonala politikoa zela ikasi genuenean ulertu genuen nola gorpuzten zen guregan zapalkuntza. Etxean, lanean, parrandan, eskolan zein oholtzan bizi izan genituen egoera gogorrek erakutsi ziguten gure gorputzetan bizi genuela zapalkuntza. Egin zizkiguten aiztoak bezala sartu zitzaizkigun komentarioak, ez entzunarena egin ziguten, tabernara alde egin zuten gu kantuan hasi ginenean eta gutako batzuk bortxatzen saiatu ziren. Eta pertsonala politikoa dela jakinda ere, zaila da intimitatea espazio publikoan konpartitzea: babestuko zaituen adina jendek epaituko zaituela jakinda, ez da goxoa zuretzat hain gogorra izan den momentua berritzea. Bertsotan gai bat jarri izan didatenean, edo kartel bat eskuan hartu dudanean, pentsatu dut inoiz «hemen nago ni gaur, baina zer jasateko kapaza izan naizen ez dakit zeren izenean!». Espazio publikoa okupatzera ausartu den edozein emakumerentzat izan da malkarra bidea, eta abusuak jasan dituen edozein emakumerentzat izan da zaila espazio publikoan kontatzea. Eta berdin iruditzen zaizkit ausartak gertatua inorekin konpartitu ez dutenak: bakoitzak daki zer egin bere bizipenekin. Zuen samaldako otsanda bat gehiago izango naiz beti: taldean goxo, bakardadean zuhur, zuetako edozeini erasotzen dionari hortzak erakusteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu