Betitik entzun dugu hizkuntza bat baino gehiago jakitea pribilegioa dela, eta xantza gure herrian gutienik hiru lengoaia jakin ditzakegula. Etxetik haste, mirespenez xoraturik zeuden hizkuntza bat baino gehiagoren jabe zen nehoren aitzinean.
Desikasketa gostatu zait. Pau Vidal soziolinguistak El bilingüisme mata saiakeran dioenez, jendeak uste du, fede onez, elebitasuna berez osasungarria dela, alta, ur beroa eta hotza nahastean bezala, egoera ez da egonkorra eta iraunkorra, baizik eta aldakorra, eta orekak bestelakotzen zaizkio. Alta, ontsa ikasia izateko xedez, hizkuntzaz aldatzen dugu erdaldunarekiko; ordea, heziketa onez baino, hezi gaituztelako bertzeari sumetitzen. Aterabide bakarra ikusten dio Vidalek: estatuak hizkuntza ofizial bakarra ukan dezan: katalana.
Izan ere, Carme Junyent soziolinguista zenak zioen hizkuntza-ordezkapenerako baitezpadako baldintza dela komunitatearen elebitasun hierarkizatua. Horregatik, gustatu zait Andrea Bella uruguaitar euskaldunduak eskertzen duela frantsesez ez jakitea, euskaraz ahal bezainbat bizi ahal izateko, Ipar Euskal Herrian bederen.