Bira

Papaita

Itxaro Borda
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baionako Alzuri harategian edo Hazparneko Pantxix Bidart musikari ohiaren Hamalau gasnategian har ditzakegu jakiak, naturalenak, hatz karboniko ahulenekoak. Ez dakigu orokorrean zer darabilagun katiluetan mahaian jartzen garenean, supermerkatuetan presaka bio zigiluarekiko elikagaiak erosiagatik. Papaita izugarria da. Eta goiz oroz, ekialdetik laino nuklear ilunak mehatxatzen gaituela, aharrausiz itseskatzean, bizirik izatearen mirakuilua ospatu dezagun!

Barda ez naiz Etiopikoetara azaldu. Egitaraua hauta zen alta baina ARTE katean Marie-Monique Robinen gure eguneroko pozoia filma zegoen. Ttattit geratu naiz etxean, pantailari itsatsia: lobbyen indarra, botere publikoen konplizitate itsua, zientifikoen etsipena eta industria kimikoaren harrotasuna baltsan agertzen zitzaizkidan,beraien onerako eta herritarren kalterako. Alabaina kutsaduraren ondorioak jendarteak daramatza soinean, sabelean, burumuinetan, bizkarrean, multinazionalek benefizio erraldoiak dagizkiten bitartean. Betiko leloa. Ematen du ni ere totelken tribuakoa naizela.

Zer egin? Gurbilkiago ekin, ekoizpenen jatorria, hurbiltasuna eta garbitasuna hobetsiz. Asun ura edan eta kaiku zolako haikuaz goza. Besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.