Itxaro Borda

Paperez

2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dut gehiago kaferik edaten lagunekin ostatuetara hurbiltzen naizenean; kafeak, niretzat, gau osorako gaztigua dakarrelako bere usain zirraragarriarekin batera. Tabernetan dudan beste ohitura bati haatik ez diot ukorik egiten, paperezko egunkariak hostokatu eta lehen lerrotik azkenera irakurtzeari, hain zuzen ere. Duela mende erdia, izparringiek zekarten eta behatz puntak beltzatzen zizkigun tinta beltz zama hartaz oroitzen naiz. Urrina aipatu gabe.

Denborak aldatu dira. Baina paperaren plazerak bizirik dirau. Berria edo Sud-Ouest hor dira barra gainean nork mailegatuko zain, albiste orokorrak baztertu eta laburrik lokalenak, gozamenez, hitzez hitz, hurrupatuak izateko prest: azken epaiak, hiriko kirol taldeen balentriak, txokolatearen ospakizun jendetsuegiak, eguraldia, kostaldeko haizeen indarra eta kontseilu munizipalaren hondar nondik norako mugituak.

Irakurketa xehea finitzen dudanean hostoak leuntzen dizkiot esku ahurraz, egunkari hori, edozein dela, bizitzaren ohantzeko mihisea edo maindirea bailitzan, plazer txikien iturri eta une partekatuen ikur.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.