Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Paterak

2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inoizko gazte belaunaldi prestatuena sortu dugu, hainbeste urtetan hainbeste kutiziatu ditugun europarren inbidiarik gabekoa: ingeniariak dira, edo informatikariak, enpresa kudeaketan adituak, edo osasun arloan. Gorputzaren luzapen balituzte bezala erabiltzen dituzte trepeta teknologiko berrietan berrienak, eta ingelesez euskaraz baino hobe moldatzen dira —alua da gero ergatiboa—. Pentsa zenbateraino hurbildu garen iparralde amestuaren eredura, eze lehengo jende moztakaren lekuan, garai eta segaila loratu baita belaunaldi berria, eta lege genetikoei erronka jota neska-mutil ilehori eta begi argiak ernatu baitira nonahi. Gorpuztu egin zaigu miraria.

Baina zer diren gauzak: inoizko belaunaldirik prestatuena —denda erraldoietan erosketak eginez, luxuzko kiroldegietan jolastuz eta eguzkiz edo elurrez betetako oporretan laketuz hazi dugun hori— erbesterako bidea hartzen hasi da, hemengo eskasia augurioen beldur, umetatik agindu zaien oparotasuna amets. Alemania, Txina, Norvegia, Erresuma Batua... horra promestutako lur berriak. Haatik, zuloak utziko dituzte etxe eta lagunarteetan, kraskatuak bihotzetan. Halaber, ez hango, ez hemengo, lur zingiratsuetan nekez botako dituzte erroak. Baina kontsola gaitezen: gureak, oraingoz bederen, ez doaz pateretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.