Itxaro Borda

(Po)etika

2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harresi bat altxatzen dugu askotan poesiaren eta gure artean, ustez deus ez garenon egunerokoak ez duela poetikotasun abegirik merezi, lan mekanikoa eta kontsumo itsua segurtatzeko gizabereak baizik ez bagina bezala. Kalitatearen izenean, alabaina, hautuak egiten dira, sailkapenak, genealogiak, historiak, kontuan eduki gabe bakoitzaren edo batzuen gustuen arabera haztatzen dela olerkiaren poetikotasun abisala. Mundua kantarazteko baliabiderik eraginkorrena da eta badirudi eskolan literatura ikasi genuen garaian, sentsazio horretaz desjabetu gintuztela, poesia elite baten zeregin estimatua zela irakatsi zigutenean, nornahi ez baitzen poeta gero!

Eta ohartzen gara, denborarekin, bereizketa horrek ez duela balio, edonor izan daitekeela poeta, eltzegile batek bere artea ikasten duen legez, poesiaren xendra anitzak ere lantzen ahal direla. Hori neukan gogoan, iragan egunean, hizkuntzak eta esperientziak trukatuz, Oloteko Aigüamolls de la Moixina gune gerizatuan, lagunak, olerkiak irakurtzen entzuten nituenean: elkarri ematen ahal diogun opari bat da poesia, pago luzeen kukuluak gurutzatzen diren eguerdietan… zergatik ez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.