Aspaldixkan ez dut gasolinarik erosi. Hargatik urrunetik datozen lankideak esantzaren garestitzea salatzen aditzen ditut eta menturaz betea eginen dudanean, hortzak ahotik eroriko zaizkit. Gehiengoa lan eta hazkurritokietarik mila legoatan bizi da eta kotxea derrigorrezkoa du ibiltzeko. Libertatearen xingola askorentzat soka urkatzalea bilakatua da, bereziki Libiako krisia garatuz geroztik. Ageri da libiarren kontrako Gaddafiren sarraskiek gure egunerokoaren aldean munta handirik ez dutela.
Beharrunanten elkarteek Lagarde ministroa helatu zuten, gobernuak ez ote zieten laguntza apurra ekartzen ahal galdatuz. Andere panpalinak, Totalen interesen zaintzale lehenak, ezezkoa eman zien, aski zutela ekonomiak egiteko, autoa gutxiago erabiltzea, trufa musika baino handiago zariola. Nola eskatuko diogu Arberatzen ohatzen eta Baionara datorren langileari beribila selauruan utzi dezan? Eta Villiers Le Belen datzanari? Noiz arte jasanen dute hiritarrek petrolioaren prezioaren setioa? Non dago muga: bi eurotan? Hirutan?
Oinezkoa ez eta frantsesa banintz bide ertzean ttottotuko nintzateke, protestatzeko, ekonomia paralisiatzeko, ikus dezaten handikoiek nork duen zinez hemen manatzen.
Bira
'Quosque tandem II'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu