Batek argazki bat jarri du sare sozialetan. Parrandan ateratako argazkia da. Guztiek ulertu dute etxean baino ordu gehiago egiten dituela tabernan. Bada inoiz mozkor handiarekin ikusi duenik, eta inork ez du imajinatzen sekula alkoholik edan gabea denik.
Beste batek lagun batekin egindako selfie-a argitaratu du. Bikotea direla pentsatu dute jarraitzaileek. Begietan igartzen zaie txispa, dudarik gabe. Eta jarraitzaile batek besteari pribatutik bidali dio mezu bat, bihotzez betea. Eta halako batean, beste selfie bat argitaratu du bestea argitaratu duenak: ez da lagun berdina ondoan duena. Jarraitzaileak haserre daude: baina hau ez al zen heterosexuala? Zenbatekin dabil? Honek ditu obarioak.
Hirugarren batek ezkontzako argazkiak argitaratu ditu. Ze ñoñoa izan den sarean gabiltzanontzat! Gainera, nork esan dio bere bizitza intimoa interesatu egiten zaigula? Ez dugu jakin nahi norekin ezkondu den, baina denok gaude bere argazkiei begira. Ez digu ikus dezagun eskatu, baina geure buruari begiratu eta aipatzeko zilegitasuna ematen diogu.
Eta erakusten duena kritikatuz, erakusten ez duena imajinatuz, sareetan bueltaka gabiltza. Jendea ezagutzeko harekin egon egin behar dela ahaztuta; eta egonda ere, urteen ondoren ere, batzuk ezagutzera ez garela iritsiko susmatu gabe.
BIRA
Sarea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu