Erlijioen irakaskuntza eskoletatik kentzeko eskatu dio Hezkuntza Laikoa elkarteak Legebiltzarrari eta kezka agertu zuen atzo, BERRIAri emaniko elkarrizketan, Eneko Marin taldekideak; laikotasunak gizartean duen oihartzun urriagatik nola, itunpeko ikastetxeek erakundeetatik jasotzen duten finantzaketa eskergagatik. Segregazioa aipatzen zuen eta, hasieran, atentzioa eman zidan arren (gainditzeke daukat zenbait termino umeei aplikatzeko baino astunagoak direlako aurreiritzi inozoa), laster lotu nuen gure eskola-ibilbidearekin.
HHn, gurasoen erabakiz joan ginen herriko ikastetxe erlijiosora edo publikora: amantal arrosa edo urdinarekin, bazkaritan etxeratu edo jantokian gelditzeko. Aukerak libreki egiten genituelakoan banatu ginen LHn: futbitokoak eta beste guztiak, «reli»-koak eta «alter»-ekoak (hautazkotzat erlijioa edo alternatiba zeukatenak), Reef zapatila originaldunak eta imitaziodunak. Institutuan, taldekatze definitiboak: ingelesekoak eta english plus-ekoak, ikas bidaiara zihoazenak (besteak beste, ordain zezaketelako) eta ez zihoazenak, batxilergora edo zikloetara bideratutakoak.
Erabaki, hautu, taldekatze haien ondorio dira, noski, gutako bakoitzak gaur egun dituen abantailak eta desabantailak. Eta erakundeek zer birplanteatua baduten arren, arazoa ez ote den guraso askok seme-alaba pribilegiatuak hezten jarraitu gura izatea.

BIRA
Segregazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu