Bira

Seiak

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Goizeko seiak. Baionako asteartea. Saxofoi baten soinua altxatzen da sumalduen kanpamendutik. Hor daude oraindik. Azkorrian jada eztabaidari, aspaldian iratzartu zakur zaunka-sinfonien kudeatzaile. Irri gogoa daukat eta bat batean oroitzen naiz Bruce Sprinsteenen Clarence Clemens musikaria hil izan dela, nonbait Floridan. 1989an biek Nebraska albumeko kantak eskaini zizkiguten, eskuzabal, Vincennesko baratzeetan antolatu SOS arrazakeria elkartearen aldeko kontzertuaren karietara. Han nintzen Ivryko lankideekin. Geroztik people find some reasons to believe... xuxurlatzen dut bazterrak histean.

Arratsaldeko seiak. Baionako asteartea. Musikaren besta aipalatzen dabiltza jendeak, mikroak entseatzen, bateriak ozen arazten, bukleak orrazten eta ekiak ekiari mintzo zaidan kideak Aurore Martin atxilotzen polizia nola saiatu den kontatzen dit, xeheki. Berrogeita hamar bat 0.2 belaunaldiko gazte hurbildu dira ekintzaren trabatzera. Clarence Clemensen saxofoiaren melodiak urratu dit burua, huts neukana bestalde lanetik ateratzean. Erran dut neurekiko: mundu espantagarrian bizi gara, sumalduak etxe zolan, bahituriko aurora lehian eta no surrender ezpainetan.

Ukronia kronikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.