
BIRA
Sinesten dizut
Sinesten dizut amesgaiztoak dituzuna soldadu batek zuen amona bortxatu zuela jakin zenuenez geroztik. Sinesten dizut, neskok zeuen kontura biltzen hasi zinetenean, jarrera baztertzailea hartu izana aurpegiratu zizuetela mutil askok. Sinesten dizut komentario lesbofoboak entzun izan dituzuna gazte asanbladan, baita herri harresi hura desegitera joan zen ertzainetako batek «gudari baten puta» ote zinen galdetu zizula ere. Sinesten dizut zure bikote ohiak, militante eredugarri hark, tratu txarrak eman zizkizuna. Sinesten dizut, erabakiguneetan egon arren, gizonezkoek adinako erabakimenik ez zeneukala diozunean; parekidetasunaren gatazka mahaigaineratzen zenuenen, «orain ez da momentua, lehentasun urgenteagoak ditugu» esaten zizutela. Sinesten dizut zenbaitek bizkarra eman zizutela zure mutil-lagunarekin, hura preso zegoela, moztu zenuenean. Sinesten dizut, lagun, bere etxean gorde zintuen morroi hark, ukituak egiten zizkizuna eta atxilotu zintuztenean, torturapean autoinkulpatu zinena. Bai, sinesten dizut emakumea zigortzen dutela lehenengo eta militantea gero. Sinesten dizut gizonezkoentzat pentsatutako kaiola dela kartzela. Sinesten dizut, bene-benetan, jendaurrean hau guzti hau kontatzea zaila dela zuretzat eta erabat errespetatzen dut isiltzeko duzun eskubidea ere. Sinesten dizut mina. Nik sinesten dizut eta beste askok ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu