Elizarentzat luzaz sosez okitzea bekatu zen, sosak hain zuzen, jendartea fagozitatu eta ezin galdezkatuzko fedebide berriaren ildoa ireki artean. Zaharrentzat bakea eta bi sos aski baldin baziren guk gehiagoren premia daukagu, beharrak handiak omen ditugu eta etorkizunean sosik ez ukaiteak behialako infernuak eragiten zigun izuaren antzeko antsia hazten digu. Ez baitugu otruntza erraldoia eskaintzen duen kontsumoaren gazteluko ateetan geratu nahi.
Kreditoak, zorrak, irabazteak harilkatzen dituen sineste gogor bezain sakona da sosa, hobendun sentitzen garela nahikoa sakeleratzen ez baldin badugu. Barkamendurik gabeko salbamendua ere datorke askotan apokalipsia iragarri baino lehen, loteria eramaten dela irudikatzean adibidez. Duela bi mendeetako fisiokratek aipatzen zuten diruaren ontasun trukerako funtziotik urrun gabiltzala argi dago. Sosak hondarrean balio sinboliko predatzaile edo harraparia dauka.
Erromako Cesare Pietroiusti artistak bost ehun euroko biletea jaten du, martzilikatzen, irensten, asimilatzen, liseritzen eta astearen buruan gorrotz berreskuratzen. Performantziatik landa sabeletik minez eta goiti egiteko gutiziaz dabil. Osagarriarentzat sosa ona ez delako seinale.
Bira
Sosa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu