Jende multzoa ginen Bidarte eta Getaria arteko baselizaren maldan, itsasoan borobiltzen zihoan Parlamentiako uhinari beha: zakurrak paseatzen zituzten adinekoak, mobileta zaratalarien gaineko gaztetxoak, marka garestiz apaindu kirolari atzerritarrak. Guztiek soa largora hedatzen genuen, handik salbamendua ala ezbehar larria etorriko balitzaigun. Tsunamia irudikatzean menturaz Hokusaiek begimen berdina zeukan.
Laida, Belarra, Parlamentia: olatu ospetsuak ditugu gure uretan. Denak ezkerrekoak, ohartzen zaretenez. Harro izatekoa ere bada naski. Lurrekoak edo lehorrekoak, euskaldunak molde berezi batez denak surfariak gara, politika, kultura ala hizkuntza mailan. Bitsa eskuetan gazitzen doakigula, uhinen bizkarretan erori ala altxa aitzinatzea gustatzen zaigu eta hondartzaratzean, trantxituak, guhaurek asmatu taulak ahurraz laztantzen ditugu, ateka gaitz bat gehiago pasatzeko orduan lagundu gaituztelako. Hargatik gertatzen da askotan igerikaz ez dakigula eta horrek egoera laztu diezagukeela.
Surfarien begirada daukadala konturatzen naiz Lapurdiko kostako xendretarik nabilanean. Aldi berean lasaia, konfiantxazkoa, antsia apurraz bustia eta uhinen orainaz gozatzeko aldarrizalea.
Bira
Surfin EH'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu