Itxaro Borda

T(h)u egin

2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzeko ostiral goiz batez Baionako geltokian nintzen trenaren aiduru. Alabari eta Tolosako nire kontaktuari mezu bana bidaltzen nenbilen, bat-batean zintzurra gorro malats batek emokatzen zidala sentitu nuenean. Ez bat, ez bi, ezker eta eskuin begiratu, oinetan neuzkan burdin bide herdoilduen artera bota nuen ahoan traban neukan kerrua. Handik gutxira, Donibane Lohitzunen irakasle den solaskide gaztea hurbildu zitzaidan eta konturatu nintzen nire eguneko lehen hitz goiztiarrak euskaraz eman nituela: tu eta euskaraz egin...

Begiak itxi nituen. Haur denborako Oragarre-Uhane auzoko eskolako aterpera itzuli nintzen gogoz eta jakitatez. Oraino ere ikusten nuen tinta beltzez hormetan idatzi debekua il est interdit de parler basque et de cracher par terre. Bietan bekatu egiten harrapatzen baldin bagintuen, errientsak je ne parlerai pas basque ehun aldiz kopiatzera gaztigatzen gintuen. Ahalkearen iturria, irririk ez... Alta, maiatzeko ostiral goiz hartan, zahartzaroaren atarian, bi debekuak gainditu nituen arraiki, halako harrotasun sentsazio mendekari batekin. Nahiz eta tu hori ahoskatzean, nik karkaxa baten neurriko H bat gehituko niokeen...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.