Bira

Tahrir bis

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gabik bidali el viejo topo gunearekiko loturari esker mossa d'esquadra salbaiek Bartzelonako Katalunia plazako indignats saldoak nola kanporatu zituzten ikusi nuen. Matraka kolpeak airean zebiltzan, elkor gorputzak jotzean, jendeak lurrean hedailo eta bostekoak odoletan. Arabear udaberriko irudi gogorretaz oroitu nintzen orduan. Katalunian alabaina Pep Guardiolaren blaugrana taldearen Wembleyko lehiaketaren jarraitzeko enparantza garbi behar zen. Batzuek ogia eskatzen zuten, besteek zirkoa.

Pelletier perspektiban ohatu asaldatuak beti hor daude. Belardian mongoliako nomandoen antzeko yourta eraiki dute. Etxeko leihotik begiratzean argi dago ez dela Baionan akanpaleku egokiagorik. Multzoan biltzen dira gazteak eta adinekoak mintzaldiak entzutera, elkarrekin afaltzera, musika egitera, bereziki attabal saioak. Gauaren erdian oihua entzuten da, edo iluna urratzen duen irri karkara luzea.

Europa Tarhir borobil bat bihurtzen ari da. G8ko buruzagiak ederki bazkaltzeko juntatu dira. Ez dute erabaki distiratsurik hartu. Zergatik sinesten dugu puxantek salbatuko dutela mundua? Bidenabar katalandar indignats delakoak Baionara etortzera gonbidatzen ditut, hemen bazterrak lasaiagoak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.