Bira

Teller

Itxaro Borda
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Janne Teller danesak liburu berezia plazaratu du. Krieg deitzen da. Alemandarrez irensteko zoriona ukan dut, Kraftwerk mitikoaren radioactivität musika buklean entzuten nuela. Europa gerra likitsean lehertu da. Frantzia eta Alemania elkar borrokatzen dira. Pizti zaharrak iratzartzen doaz. Herritarrak ihesera behartzen dituzte. Beldurra eta exodioa. Alemandar familia bat halaz Egiptoan aurkitzen da errefuxiatu gisa. Janne Tellerek orrialdeotan literatura miraila edo ispiluaren indarraz apaintzen du.

Europear horiek ikasiko dute Kairon zer den arrotza eta baztertua suertatzea, aurriritzi eta klitxeen ondorioak pairatzea, deportazioan, erretentsio zentroetan, bulego itsuetan traste zikinen antzera erabiliak eta egunero laidostatuak bezain gaizki tratatuak izatea. Janne Telleren gostuz europarrok horrela gabiltza heren munduko errefuxiatu eta migranteekin, hirugarren mailako jendetzat dauzkagu, politikariek agerpen zitalak dagizkitela, hauteskundeak irabaztea helburu. Gehienak, Tellerek dioenez, etxe-zakurretaz hobe axolatzen omen gara.

Janne Telleren elaberri laburra laster itzuliko frantsesera. Ikuspuntu aldaketa hau ukigarria da eta areta sakona merezi du. Zinez diotsuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.