Ainize Madariaga

Txapel unibertsala

2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Inaxiomari Atxukarro arras ezaguna omen zen Goierri aldean, hainbesteraino, non Oztibarreko bazterretaraino ere heldu baita haren berri. Fernando Amezketarraren gisako norbait zitekeen, ahozko literaturagile handia. Hara zer gertatu omen zitzaion behin Atxukarrori, bere ekarriaren adierazgarri. Trenean zihoan Gipuzkoatik ateratzeko asmorik gabe. Arrotz bat parean jarri omen zitzaion; nongoa ote, ez jakin, baina horrek ez du axolarik. Afera da zerbait erran nahi omen ziotela elkarri, beharbada bisean bisekoaren jatorriaren jakin-minez. Elkar ezagutu aldera, eta parez parekoa ez zenez euskalduna, Atxukarrok erdi eraz egin zion hala-hola; kasurako, espainieraz. Buruan zeraman boneta kendu, eta haren biribiltasuna profitatuz hala erran omen zion: «Mira; esto, mundo» [Begira; hau, mundua]. Ondotik, txapelaren epizentroko txortena erietan tinkatuz gehitu zion: «Y aquí, Aizkor punta» [Eta hemen, Aizkorri]. Geolokalizazioa gero: «Abajo, Zegama. De ahí soy yo» [Beheitian, Zegama. Horkoa naiz ni]. Ez baitakit betiko lagunak bilakatu ote ziren aurkezpen zoragarri haren geroztik; eta nori zer zaio!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.