Ainize Madariaga

Txistua histu

2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Pasaiatzen ari ginela, gutariko bat txistuka ari zen, zangoen kadentziari erritmo librea utzirik eta haizea norat, harat hurrupatzeko askatasunak gidaturik. Adinetako emaztea ikusi genuen zoomak nola urrantzen zigun, harik eta bisean bis ukan genuen arte. Orduan, denok lerro-lerro ezarri ginen, elkar gurutzatzeko. Tupustean baratu zen emaztea: «Hau plazera txistuka entzutea! Bazuen zinez aspaldi ez nuela halakorik aditu! Milesker!». Bertzerik gabe, segitu zuen bere bidetik, irria lagun.

Hitchcocken konpositorea izan zen Bernard Herrmannen airea zuen ezpain artean, lehenik Twisted Nerve filmean entzun zena, gerora, Tarantinoren Kill Bill-en. Gauez ametsen artean neholako baimenik gabe sartzen zaizun melodia horietarikoa hau.

Micheline Daxi erran zioten isil zedin: «Neskek ez baitute txisturik egiten». Aktore-ibilbide osoa dohain zozo horrekin burutu zuen, Molly Lewisek ere hala-hala.

Egia da, karriketan ez da bakanetan baizik entzuten jendea txistuka ari. Alta, endorfina sortzen omen du, memoria gotortzen, gazte mantentzen eta etsaiaren aitzinean erresistentzia indartzen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.