garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Webgunea

2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Biolina tentetzeko trikimailuez ari zitzaizkion lankideak, doinu fantasioso konplizean gainera, bistan emakumerik ageri ez denean bezala. Txortarako grina ateratzeko pizgarriak aipatu zituzten, gune pornografikoetako aktoreak larrutan ikusteak ematen duen eskola, eta bide batez sua. Lantokiko zakilametro harroenak esana zen gehientsuena, baina gogoan hartu zion badaezpada, bereziki gunearen izena, bere bikoteko negozioan eskas zuten gatz-piperra izan zitekeelakoan. Haurrak lotaratu eta gero ekingo zion, andrearen arreta bereganatuta.

Hain zuzen ere. Lankidea ez zen ahoberokeria handiegitan galdu. Hura zulo, lirdinga eta silikona feria. Ahalkeari gaina hartzen hasterako okerreko tokian klikatu zuen, ordea, eta mezu lazgarri batek hartu zion ordenagailuko leihoa, supituan: «Legeak espresuki debekatutako tokian sartu zara. Ordaindu isuna, txikito. Polizia zuzendaritza».

Libidoa bolada luzerako maskalduta, egoerak kikilduta, andreari epelak adituta, laguntza nori eskatu jakin ez eta ertzainengana jo du visa txartela eskuan. Kargu hartu dion agenteak, barrea ezin ezkutaturik, disko gogorra formateatzea eta ordenagailuari giltzarrapoa jartzea gomendatu dio, «haurrek berriro ere uki ez dezaten». Bere buruari beste horrenbeste egin ahal balio...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.