
BIRA
Zamaketariak
Martxan da aurtengo Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia: datozen asteotan, bertoko zein atzerriko zinegileen film sozialak proiektatuko dira Bizkaiko hainbat herritan. Horietako bat Iara Lee aktibista brasildarraren K2 and the invisible footmen dokumentala; Karakorum mendilerroaren magaletako zamaketarien bizimoduari buruzkoa, Gilgit-Baltistan eskualdean kokatua berau (Kaxmir iparraldean, pakistandarren menpeko eremuan). Everesten ondoren bigarren zortzimilakorik altuena da K2, ez ordea, samurragoa; lehena lau mendizalek igotzen dutenerako, bakarrak zapaltzen ei du bigarrenaren tontorra. Izen handidun, edo behintzat izendun, kirolari bakan horiekin batera, dozenaka zamaketari anonimok hartzen dute parte espediziootan, 50 kilorainoko pisua lepoan kargatuta mendian gora. «Zein da astoen eta gure arteko diferentzia?» galdetzen du dokumentalean gizon horietako batek. Eta bat-batean, zapalduarekin enpatizatzera ohituta zauden hori, hara non zeu aurkitzen zaren zapaltzailearen botetan; lotsatuta, munduan zehar eginiko «turistadengatik». Botere harremana berdin-berdin berresten baita inori 50 kiloko zama edo 10 kiloko motxila eramanarazita, edo nahi ez dituzun oinetako zaharrak oparituta, edo ezjakintzat hartuta, edo arropak garbi diezazkizun lagata... Eta larriena, horiek eginda, mesede bat egiten ari zatzaizkiola pentsatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu