Miren Amuriza.
BIRA

Zibilak

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dorre Bikiak erori zirenean 11 urte genituen guk. Berrizko belodromoan, kasualitatez, militarrak zebiltzan egun batzuk lehenagotik (artean sarri etortzen ziren entrenatzera) eta gerra deklaratuko zutelakoa zabaldu zen eskolan: ez genekien ez nork, ez nori, baina argi geneukan herria bonbakatuko zutena eta, batez ere, eskolan jai emango zigutena. Ordurako ikusia genuen Santurtziko portutik umez beterik partitu zen barkuaren irudia, eta halatsu irudikatu genuen geure burua atentatuen biharamuneko jolas-orduan, gailetak jaten genituen bitartean. Gerraren jomuga nagusia ez dira beti herritarrak izan, baina: gaur egun %90a direna, XX. mende hasieran gatazka armatuetako biktimen %5a besterik ez zuten osatzen zibilek.

Ordea, Goutha Ekialdetik ere, horiexek mugitu behar izan dira: 44.639 herritar ebakuatu dituzte astebetean (ia Santurtziko biztanleria osoa adina). 2013an Al-Asaden armadak setiatu zuenez geroztik, egunotakoa izan da eskualdeko desplazamendurik masiboena eta irudi inpaktanteak utzi ditu, iheslarien babesgabetasuna sinbolizatzen duen hau, esaterako: gizonezko baten eskua larruzko maleta bati oratuta, barruan haur txiki bat lo daroala. Eta protagonista bere antzekoagoa izanagatik ere, efektu espezialez inguratuta hazi den umeari, egundo ez dio ketan dagoen dorre baten argazkiak adinako inpresiorik egingo. Ezta helduari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.