Sarrikota Peko zakartegi proiektoaren aurkako eskuzko idatziak irakurri eta Zuberoan sartu naiz, Anouchka Shankaren zitar musika lagun: mendi lerroak, ortzaizak eta Ezpeizeko ordokiak zilar ziren, neguko eguzkiak uhargitzen zituela. Bihotza banbaka nabaritzen nuen eta banekien hiltzaile maiteminduaren antzera krima sentimentalik ederrenak kunplitu nituen lurraldera itzultzen nintzela.
Maulera heltzearekin ezker bihurtu nuen burua, Sohütako elizaren goratasuna betikoan zegoela segurtatzeko. Gau bihikatuak, katxak ahurretan, kanta lanzinanteak ostatu zokoetan, sinestezinezko arrastiriak, antsia eta bizi nahia, izugarria, hori zen, eta da oraindik ere, Zuberoa enetzat. Eta nigan ez dut inoren mistifikatzeko gutiziarik. Manexina nintzelakoan menturaz, Mauletik Atharratzerako bidean neronen ilegitimitatea azkarki pairatzen nuen, are gehiago, ez jakin arren, partitzeko ordua hurbiltzen ari zitzaidan arau.
Hargatik Zuberoara noalarik, hango adiskide apurrekin biltzera eta haiekin sakonki solastatzera, etxera zuzentzen naizela iruditzen zait: ez al gara, arrotzak izanagatik, amak hiltzen zaizkigun herrialdeetakoak?
Hitzen ispiluaren bosgarren emaitza.
Bira
Zilarland
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu