Goizetako ahotsak irratietan ukigarriak dira batzutan. Hala nola herenegunekoak. Mugerre aldean hasiak dira AHT linearen eraikitzeko lurren ikertzen. Sundatzen. Enpresa dator azkorrian hedexuriz inguraturik eta funts jabedunak beranduago, langileei oldartzera. Baimenak badituztenez eskatzen diete, herriko auzapezak buru. Baina ez dute kasik ezer bistan dena, guztia erabaki unilateralen arabera kunplitzen delako.
Krudela da egoera. Baionan antolatu ziren LGVaren aurkako manifestaldietan milaka jende bildu bazen ere, estatuak aitzina doaz, bizidunen nahikundeen aurka. Betiko istoria, erranen duzue eta hori da: industria sakratuaren aurrerapenak gelditzerik ez du, bazterrak luzarako fundituagatik. Trenbide bat bada jadanik eta anitzen gustuko aski liteke horren eguneratzea TGVa pasa dadintzat.
Linea eta geltoki berriak altxatuko dira beraz derrigorrez. Han hemenka obrak abiatuak direla ikus dezakegu: zubiak, egoitzak, peza balisatzeak. Arbitrarioa elkor tematzen da herritarren ezintasunaren eremua agerian utziz. Interes handiak daude jokoan alabaina eta burdinbidearen inguruko laborarienak imiltzaren parekoak dira.
Alta bozak altxatzen dira. Deliberatuak. Ihardokirako gertu.
Bira. Itxaro Borda
Zulatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu