Igandeko teleberriak informazio interesgarri bat eman zuen, musikak gaixo zaharren emozioetan izan lezakeen eraginaz. Erreportajea txukun zegoen, eta hainbat testigantza biltzeaz gainera, musika klasikoko talde baten irudiak eta adituenak eskaini zituen. Beste datu aipagarri bat: erreportajeak dezente iraun zuen, halako gaiek informatiboetan dirauten baino dezentez gehiago.
Gustura ikusi nuen.
Bat-batean, ordea, ohartu nintzen erreportajeko gaixo guztiak bizkarra emanda zeudela. Ez niela aurpegirik ikusi. Musikariak, zaintzaileak eta adituak bekoz beko ikusi nituen, baina zahar gaixotuak, ez. Nola ba zahardadea eta dekadentzia erakutsi, egongelan bapo afaltzen ari den gizarteari?
Baliteke zahar etxe hark protokoloren bat izatea zaharren intimitatea zaintzeko, baina mamia zeukan metaforak: kamerak —guk— ez ditugu aurrez aurre nahi. Izatekotan ere, bizkarra emanda.
Bizkarra emanda, guri, gizarteari, bizitzari.
Hitz beste
Bizkarra emanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu