Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Dekalajea

2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Interneteko Orotariko Euskal Hiztegiari dekalaje bilatzeko eskatu diodanean berehala erantzun dit ez dela bilaketa-irizpideak betetzen dituen emaitzarik aurkitu. Elhuyarren ZTH hiztegian badator, baina aeronautika eta informatikaren esparruetara mugatuta. «Diccionario de la Lengua Española»-k ere esan dit hiztegian ez dagoela. Frantziar Akademiaren hiztegian bai, ageri da décalage, eta hiru definizio eskaintzen zaizkio: «dekalatzearen» ekintza, espazioan edo denboran ematen den alde edo distantzia eta bat ez etortzea.

Hitzak existitzen diren ala ez, eta existitzekotan non, norengan edo zenbatengan eztabaida genezake, baina dekalajea hitz oso erabilgarria iruditzen zait gertatzen ari zaigun zerbait adierazteko. Hiperkonexioaren garaiotan haustura, desafektua eta desinplikazioa, arretaren galera eta errealitatearekiko desatxikimendua aipatzen ditugularik poloetako izotz puskak irudikatzen ditut, urtzen eta elkarrengandik banatzen. Likidotzen eta barreiatzen helduleku komunak galduta.

Distantziatze hazkorrak sumatzen ditut gauzen eta pertsonen artean, kausen eta efektuen artean. Urruntzeak baino gehiago sinkronia galerak. Aldentze subjektiboak objektiboak beste, errealak oso. Deskonexioak baino bestearen errealitatearekiko, besteen bizi-ardatzekiko dekalajeak.

Ez dakit hitza existitzen den hemen ematen ari natzaion zentzuan, baina existiaraziko bagenu aurreikusi dezaket ezberdin ahoskatuko genukeela hegoalde eta iparraldeko euskal hiztunok. Ipar eta hegoaren arteko muga existitu ala ez, sinetsi ala ez, hor ari baikara, izotz puskak bagina bezala ozeano likidoagoetan aldentzen, aldentzen...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.