Zahartzarora hurbiltzen hasi zaren froga: gauza garrantzitsu guztiak aspaldi pasatu zirela iruditzen zaizu.
Irudipen soila baino ez balitz, gaitz erdi. Joan den astean berri-paper honek ekarritako erreportajeek irudipenaz haratagoko zerbait dela pentsatzera naramate. Osteguneko BERRIAn, 1976ko urtarrilaren 12a aipatzen du Lander Muñagorri Garmendia kazetariak. Egun hartan aurkeztu zuen Rikardo Arrue mediku eta kardiologo amezketarrak bere doktore tesia. Euskaraz buruturiko lehena, euskal komunitate zientifikoarentzat mugarri. Franco hil zela bi hilabete ziren. Xalbador handik hamaikara zendu zen. Medikuak berak aipatzen ditu orduan izan zituen arazoak: Gobernadoreak euskaraz argitaratzen uzten ez eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu behar, terminologia aldetik lexiko urritasuna... Berrogei urte eta gero hau... zioen leloa ere aspaldikoa da, garaitsu hartakoa, eta ezin ahaztuko dugu beste berrogei joan direlarik 540 tesi badirela orduz geroztik euskaraz argitaratuak.
Lander Muñagorriren artikulua honako hitz hauekin hasten da: «Ezaguna da Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiak euskararen inguruan esan zuena: ez zuela fisika nuklearra ikasteko balio. Eta are ezagunagoa da Jose Ramon Etxebarria irakasleak ostera eman zion erantzuna: bi gauza besterik ez dira behar horretarako. Euskara jakitea eta fisika nuklearra jakitea». Biharamuneko BERRIAk zekarrenarekin lotura egin ahal izateko pare-pareko hitzak. Ostiralean bete ziren 250 urte Manuel Larramendi hil zela. Euskararen apologistatzat jo izan da beti andoaindarra. Hala dio Ane Urrutikoetxeak: «Larramendi ez zen hizkuntzalari soila izan; bere helburua ez zen euskara zientifikoki ikertzea, hizkuntza mespretxatzen zutenak isilaraztea baizik. Horregatik, obrarik gehienak gaztelaniaz idatzi zituen, etsaiek ongi ulertu zitzaten». «Euskaraz ere idatzi zituen eskutitz eta testu asko, hizkuntza modu fin eta txukunean erabilta. Borrokazela eta zirikatzailea, utzitako testuetan argi ikus daiteke Larramendi jenio biziko sermoilaria izan zela. Maila kultural handiko gizona ere bazen, eta lengoaia zorrotza erabili zuen euskara, jatorria eta Foruak defendatzeko». Kontu horiek, gutxi-gehiago ezagutzen nituen. Ez nekiena zen Larramendi Loiolako Santutegian hil zenik. Ezta bera hil eta urte betera burutu zuenik Karlos III.ak jesuiten aurkako jazarpena ere. Banekien jesuitak egoztearen ondorioz geratu zela hutsik Bergarako Seminarioa, eraikin hura baliatu zutela egoitzatzat Real Sociedad de Amigos del Paisekoek, bertako zientzia lanei esker isolatu zutela wolframioa Elhuyar anaiek... eta Elhuyar Kultur Elkartea sortu zela handik bi mendera, 1972an, Etxebarriaren esaldia eta Arrueren tesiaren sasoian. Antzinako kontuak batzuk. Aspaldi samarrekoak berrienak.
Norbaitek esan dezake, arrazoi osoz gainera, egun ere gertatzen direla pisuzko kontuak. Euskara inoiz baino garatuagoa dagoela jakintza arloei dagokienez. Euskarazko kultur-produkzioak baduela indarrik asko. Astelehenak astelehen, badela euskara hutsezko egunkari bat goizero gure atarian. Egun gertatzen ari denaren dimentsioa urte batzuren buruan neurtuko dutela datozen belaunaldiek. Baina luma ziritzen hasita, ez zait ulertzekoa iruditzen euskararen normalizaziorako jada aspaldi sortu zen tresna batek, Euskal Telebistak, Donostiaren kultur hiriburutza ospatzeko egindako ekitaldi nagusia, zubiko ditxosko hori, gaztelerazko katean eskaini izana. Ustez txokoko eta txikia, euskaraz; ustez handi eta unibertsala, gaztelaniaz. Ia hiruehun urte atzera eginda, Manuel Larramendi Euskal Telebistan zuzendari jarri izan balute, euskaraz emango zukeen emanaldia zalantzarik gabe. Euskara gai zela frogatzeko. Orain gai dela badakigunean, usteek eta nahiek egiten digute huts.
Txoritik txorira, euskararen aldeko kanpainako txantxangorria belaska eta maiztua iruditzen zait. Karlos Argiñanok ere txantxangorria darabil jatetxearen ikur! Paparretik eta gorritik asko urrundu gabe, euskararen ikur bihotz bat izan zitekeen, erabiliaren erabiliz ikur ajatua izan arren, kardiologo amezketarraren aitzindari lana aitortzeko balioko zukeena gutxienez.

PLAZATIK
Dena aspaldi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu