Igarri da Hondarribiko Udalaren alkatearen aulkian ez dagoela hamarkadotan alarde baztertzaileari nahi zuena egiten utzi dion jeltzalerik. Beste inongo gatazketan inori egiten laga ez zaiona utzi zieten egiten —udalak, aldundiak, Jaurlaritzak, Ertzaintzak, justiziak, hainbat komunikabidek...— emakumeak alardean era parekidean parte hartzea nahi ez zutenei. Luzea da, —zuzen edo zeharka— baimendutako erasoen tipologien zerrenda. Gertatutakoa jakin nahi duenak jo dezala Maite Asensiok eta Arantxa Iraolak idatzitako Alardeak: Ukatutako plazara liburu argigarrira.
EH Bilduren barruan 2015ean alardeari buruz sortutako ezadostasunetik jaio zen Abotsanitz udal taldea, iazko udal hauteskundeen irabazlea. Askok ulertu genuen garaipen hark besapean zekarrela alardearen gatazkari eman dakiokeen irtenbide bakarra: parekidea izatea. Iazko alardeak udaletxean sartu berritan harrapatu zuen gehiengo berria (Abotsanitz + EH Bildu), aldaketa sendoa egiteko astirik gabe.
Biharko alardean, sari garrantzitsua jasoko du alarde parekidearen alde 1996tik lan ikaragarria egin duen Jaizkibel konpainiak: udalak erabaki du konpainia gisa desfilatuko duela, eta ez manifestari talde moduan. Atzetik etorri beharko duten beste urrats sendoen lehena.
Nola zurituko dute hamarkadotan eduki duten jokabide baztertzailea besteei «iraganaren irakurketa kritikoa» eskatzeko masterreko katedradunek?