martxelo otamendi

Banco Sabadell independentistak goxatzen

2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Banco Sabadell izan zen independentzia prozesuari —segurtasun juridikorik eza aitzakia jarrita— boikot ekonomikoa egiteko egoitza nagusia Kataluniatik atera zuen lehen enpresa katalan handia; Alancantera eraman zuen, ez pentsa herrialde hori aukeratu zuenik Paisos Catalans kontzeptuan sartzen zuelako. Independentziaren aldeko mugimendua —bankuko langile katalanista asko ere bai— sutan jarri zen ikusi zuenean bankuak amore eman ziela Madrildik iritsi zitzaizkion aginduei.

Zazpi urte kanpoan igarota itzuli du bankuak egoitza nagusia Kataluniara. Zergatik orain? BBVA erraldoiak Sabadell bereganatu nahi du, eta, horretarako, erosteko eskaintza publikoa —EEPa— egin du. Asko luzatzen ari da EEParen erresoluzioa, ez Sabadellek berak, ez Espainiako Gobernuak, ez Kataluniakoak ez baitute halakorik nahi. Espainiakoak uste du BBVAk gehiegizko tamaina hartuko duela, eta Kataluniakoak ez du banku bat galdu nahi, are gutxiago Kataluniak kontzertu ekonomikoa lortzen duenean Sabadellek Katalunian ordainduko lituzkeelako zergak; eta BBVAn sartzen bada, ez da halakorik izango. Caixa katalanari ere ez zaio komeni BBVA lehiakidea asko handitzea.

Independentziazaleak zazpi urtean suminduta eduki eta gero, Sabadellek goxatu egin nahi ditu orain, egoitza Kataluniara eramanda, BBVAk erostea oztopa dezaten.

2012an Banco Guipuzcoano erosita gizendu zen Banco Sabadell.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.