martxelo otamendi

ELAren emaitzen kontua

2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herrian sortuak ez ziren UGT eta CNT klase sindikatuen hazkundeari eta erreferentzialtasun bakarrari aurre egiteko sortu zuten jeltzaleek, 1911ko uztailean, Solidaridad de Obreros Vascos euskal sindikatua, aspaldi ELA izen bakarra hartu zuena. Jeltzaleek urteak daramatzate esaten haien aurrekoek sortu zuten sindikatua eskuetatik —alderdiko diziplinatik, alegia— joana zaiela, eta alderdiaren sindikatua zena «alderdiaren aurkako sindikatua» dela orain. Duela urte dezente esan zion ELAri Xabier Arzalluzek, ETBn egindako elkarrizketa batean, langileen baldintzekin horren kezkatuta baldin bazegoen Txinara joateko sindikalismoa egitera.

Euskal Herriko sindikatu nagusiak bukatu berria du XVI. Kongresu Federala, eta aurreratu du oraingo borroka estrategiarekin segituko duela, hori delako langileen eskubideak defenditu eta hobetzeko uzten dioten bide bakarra. Sindikatuek alde askotatik egurra hartzen duten garaiotan, sindikalismoaren bidetik politikan eragiteko eskubidea aldarrikatu du, eta ahaztu zaionari gogoratu gure herriko erakunde sozial nagusia dela.

Neurgailu erraza du ELAren estrategiak: abiatu dituen borroketan zenbatetan irabazi duen, hau da, zenbatetan lortutakoa gertuago dagoen langileek eskatzen zuten horretatik enpresariek hasieran eskaintzen zutenetik baino. Ez zaio emaitzen kontu txarra aterako ELAri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.