martxelo otamendi

ETA, untxia xisteran

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Kosta zaie ETA sartzea igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainan, baina azkenean sartu dute. Lasaiegi zihoan kanpaina hau alde horretatik, eta asko zain geunden noiz azalduko zen ETA. Agertu da, botoa emateko astebete falta dela.

Gai bereko bi higadura kanpaina saio egin zituzten iazko udal hauteskundeen aurretik. Aurrenekoa, alkatea EH Bildukoa daukan Galdakaoko Udalaren webgunean biktima kategoria ematen zietelako Xabier Garcia eta Jon Bienzobas etakide ohiei. Bigarrena, EH Bilduren zerrendetan odol delituengatik zigortuta eta zigorra beteta zeukaten hainbat etakide ohi sartzeagatik.

Kanpaina horien helburua EH Bilduri botoak kentzea bada, ematen du, EH Bilduren iazko emaitza onak ikusita, porrot hutsa direla. Ahaztu egiten zaie, nonbait, iaz Hego Euskal Herrian eta datorren igandean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik direla hauteskundeak, ez Espainian; eta espainiar suminduek ez dutela botorik emango igandean.

Espainiako irratirik handienean galdetu zioten astelehen gauean EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandianori ea ETA erakunde «terrorista» den. Otxandianok baiezkorik eman ez zuenez, atera dute xisteratik igandera bitartean arnasketa artifizialaren bidez bizirik iraunaraziko duten untxia.

Erresuma Batuko Gobernuaren presioak presio, BBCk uko egiten dio Hamasi «terrorista» deitzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.