martxelo otamendi

EAJren kezka, EH Bilduren itxaropena

2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

Bihar gauean argituko da nork irabaziko dituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta nortzuek osatuko duten Eusko Jaurlaritza. Bigarrena, noski, lehenaren ondorioa da, eta errazagoa aurreikusten: EAJk eta PSEk osatuko dute.

Eserlekuetan irabazle nor izango den da urte askotan eduki ez dugun duda, erabatekoa izan delako EAJren hegemonia. Garaiezina izan da hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri, baina biharkoa izango da aspaldi honetan Sabin Etxean urdurien igaroko duten gau hasiera; Sabin Etxean beldurra dena itxaropena izango baita EH Bilduren hauteskunde egoitzan, Zabalguneko Merkatuan.

Egingo dute topo eskaileretan behera doan EAJk eta gora doan EH Bilduk, edo EAJ maila pare bat goitik geratuko da, eta EH Bildun 2028 arte itxaron beharko dute? Argitaratutako inkestek —kasu honetan ere argitaratzen ez dena da interesgarriena— eskailera maila berean jarri dituzte bi alderdiak, bien arteko aldea oso txikia izango dela aurreratuz. Horregatik gogortu du EAJk kanpainaren bukaera EH Bildurekin.

Inkesta horiek adierazten dutenez, gero eta adin tarte gehiagotan nagusitzen zaio EH Bildu EAJri, eta datu horrek balio handia dauka etorkizuneko proiekzioak egiteko orduan.

Bien bitartean, herritarren erabakiaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.