Nor gogoratzen da gaur Venezuelako oposizioko buru Edmundo Gonzalez Urrutiarekin? Urtebete ez da igaro iazko presidentetzarako hauteskundeak egin zirenetik —uztailaren 28an egin ziren—, eta, azkenaldian maiz jazotzen den legez, oposizioak erre du beste aurpegi bat. Oposizioan benetan agintzen duen Maria Corina Machadoren berri digitala bakarrik daukagu, hilabeteak baitaramatza bideo agerpenak bakarrik egiten, non dagoen ez dakigula. Oso zabalduta dago bitartekariek eskatuta Nicolas Maduroren gobernuak eta Machadok itun bat egin dutela: ez dute espetxeratuko jendaurrean agertzen ez den bitartean.
Legebiltzarreko 277 eserlekuak eta herrialdeko 24 gobernadoreak aukeratzeko hauteskundeak egin zituzten herenegun Venezuelan, eta, ohi duenez, oposizioan bi jarrera egon ziren. Machado buru duen oposizioak boikotera deitu zuen, eta oposizio leunak, parte hartzera eta gobernuari boterea urratzera.
Datu ofizialen arabera, parte hartzea baxua izan da —%43koa bakarrik— eta gobernuaren aldekoak izango dira legebiltzarreko diputatuen %82, eta 23 gobernadore 24tik. Boikotaren ondorioz, oposizioak gobernadore bakarra eskuratu du, hiru galduta. Hugo Chavez presidente zenean oposizioburu arrakastatsu izana, Henrique Caprilesek eserlekua lortu du legebiltzarrean, «leku guztietan» egon behar dela argudiatuta.