Baina Iranek erantzungo al dio Israeli atzo jasan zuen eraso politikoki beldurgarriaren pareko kontraeraso batekin? Azken urteotan ikusi —eta ikasi— dugu Iranek ez duela gerra piztea nahi bere inguruan, irabazteko gutxi eta galtzeko asko daukalako; eta inguruko herrialdeak gerrara eraman nahi ez dituenez, bata bestearen atzetik irentsi ditu Israelen —edo, hobeto esanda, Israel-AEBak bikotearen— erasoak.
Israelek aspaldi hartua dio neurria Irani, eta, horren ondorioz, igo egiten du —izenik ez daukan eskalan— erasoz eraso Irani ematen dion kolpearen larritasuna. Ekialde Hurbilean dauzkan aliatuen zoritxarrerako, Teheran ahulezia erakusten ari da, orain arte Israelen erasoei emandako erantzunak hartutako kolpeak baino askoz ere leunagoak izan baitira. Zergatik, ordea? Iranek badakielako daukan indar militar handiaren araberako erantzuna emanez gero beraren aurka zuzenean —ez orain arte bezala, zeharka— sartuko den hurrengoa Washington izango dela, eta gerra erabatekoa izango dela, Teheranek amore eman arte geldituko ez dena.
Tranpa horretan sartuta dago Iran, eta ez daki nola atera. Gerrarik ez izateko erabakitzen badu ezer ez egitea, galdu egingo du erreferentzia bere aliatuen aurrean, eta gogor erantzuten badu, txikizioa izango da.
Hurrengo egunetan satan-en aurkako hitzaldi sutsuak entzungo ditugu Irango buruzagien ahotan. Lehen ere erabili dituzte, baina…