Badoaz, lan itzela eginda, frankismoak tunel beltzean sartu zituen euskal kulturari eta pentsamenduari nortasun berritzailea eman zioten eragileak, munduan zeuden joera modernoak bereganatu eta euskaraz emateko lana hartu zutenak. Belaunaldi konprometitua, gaztetan jabetu ziren frankismoaren asmoa katea etetea eta ondorengo belaunaldiari lur elkorra uztea zela. Berehala ohartu ziren transmisioaren katea hausteko zoritxarra zegoela, eta, nahiz eta arriskurik bazela jakin, zailtasun eta debeku guztien gainetik ekin zioten lanari. Atzetik zetozenei lurra ongarritua uzteko erabakia hartu zuten.
Atzo hil zen Joxe Azurmendi, eta berak oso ondo biltzen ditu belaunaldi konprometitu horren ezaugarriak. Biografiari errepasoa eginda ikusten da ez dela egon gure herrian Azurmendiren esku hartze esanguratsurik eduki ez duen kultura eta pentsamendu ekinaldirik. Horien artean Jakin aldizkaria bera, eta haren itzalean kaleratutako pentsamendu liburuak, Jakin irakurgaiak bilduma.
Filosofoek kritikarako daukaten betebeharra bere eginda, askatasun osoz jardun zuen kritika zorrotzean, ohartuta kritikak berezkoak dituen galderetatik eratortzen direla aurrerapena ekartzen diguten erantzunak. Eskola sortu zuen.
Uzta oparoa eta lanerako grina utzi dizkigute urrezko belaunaldia osatu zuten euskaltzaleek. Ezin diegu hutsik egin.