martxelo otamendi

Tekila garestiago trumpzaleentzat?

2025eko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Atzo azken orduan AEBetako presidenteak eta Mexikokoak —Donald Trumpek eta Claudia Sheinbaumek— edukitako hizketaldiaren ondorioz, hilabete atzeratu du Trumpek Mexikoko produktuentzat agindu zuen %25eko muga zerga. Beste horrenbestekoa iragarria dauka Kanadakoentzat. Hiru herrialdeek indarrean zeukaten merkatu librea birrindu du Trumpek.

Hilabeteko atzerapen horren ordain, Sheinbaumek —droga trafikoa eragozteko— 10.000 soldadu bidaliko ditu AEBekin daukan mugara.

Muga zerga %25 igoz gero, neurri berean garestituko dira produktu horiek AEBetako saltokietan. Noren kaltetan? Saltzailearen eta eroslearen kaltetan.

Zer saltzen diete Kanadak eta Mexikok AEBei? Kanadak, nagusiki, petrolioa, autoak eta gasa. Elikagai gutxi, klima txarra daukalako. Eta Mexikok? Petrolioa, marka estatubatuarrek Mexikon ekoitzitako autoak, jangaiak —naturalak eta prestatuak— eta edariak —tekila, garagardoa…—.

Trumpen erabakiak ez die kalte egingo Mexikoko enpresei bakarrik; baita Mexikon ekoizten duten milaka enpresa estatubatuarrei ere, esportazioa %25 garestituko dielako. Eman die abisua Mexikon estatubatuarrek dauzkaten enpresei, alegia, itxi ditzatela Mexikoko lantegiak AEBetara eramateko.

Tekila oso gustuko daukaten trumpzaleei kontrako eztarritik sartuko zaie: %25 garestiago trago bakoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.