martxelo otamendi

Mintxo, langile nekaezina

2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Belaunaldi bat beti da, hala egokitzen zaiolako, bere aurreko belaunaldiaren eta ondorengoaren zubia. Hori izan da Fermin Leizaola Mintxo-ren kasua ere, bera baino zaharragoak zirenen ondoan —Jose Migel Barandiaran, Jesus Altuna, Julio Caro Baroja…—  eman zituen lehen urratsak ikerketan, haiekin batera ibilita ikasi zuen, eta urte luzeetan landu duena atzetik zetozenei utzi die. Eskuzabala zen Mintxo Leizaola —denon esku uzten baitzuen ikertzen zuena—, dibulgazio zalea, eta horren lekuko dira argitaratutako liburuak.

Gizatasun handiko pertsona joan da Leizaolaren heriotzarekin, alaia, atsegina eta dibertigarria. Bera zegoen lekuan ez zen falta ez irribarrerik, ez animozko esaldirik. Noranahi eramaten zuen argazki makina txikia, ohikoa zen ekitaldiaren erdian Leizaola bere aulkitik altxatzen eta argazkiak egiten ikustea.

Baserrietan eta artzain txaboletan galtzear zeuden milaka tresna topatu eta gorde zituen Leizaola nekaezinak, bai baitzekien urte gutxi barru baserri eta txabola haiek husteko arrisku handia zegoela —eta hustearekin batera galdu egingo zirela betirako objektu horiek—, eta baita adierazten zuten bizimodua ere. Topatu, aztertu, zertarako ziren azaldu eta gorde egin zituen.

Ohorezko taulan lekua egin beharko dute Mintxoren argazkia haren irakasleen irudien ondoan jartzeko. Ondo merezita dauka aitortza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.