martxelo otamendi

Norena da eserlekua?

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Herritarren zati handi bat COVIDarekin ahaztuta badago ere —ez noski lehen pertsonan pairatu zutenak—, haren ondorio politikoak ez dira desagertzen. Urrea bezain estimatuak izan ziren maskarak eskuratzeko ahalegin hartan zenbaitek pagotxa ederra topatu zuten, iruzurraren bidez diru kopuru handiak patrikaratu baitzituzten. Legalki batzuek, ilegalki besteek.

Espainiako Gobernuko ministro ohi eta PSOEren hirugarrena izandako Jose Luis Abalos sortu berri den lurrikararen epizentroan dago, bere oso gertuko kolaboratzaileak maskarak lortzeko lanean ustez egindako delituagatik. Alderdiak Abalosi eskatu dio Kongresuan daukan eserlekua uzteko, eta hark, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenetan oinarritua, uko egin dio eskaera betetzeari, argudiatuz eserlekua parlamentariarena dela, eta ez alderdiarena.

Norena da eserlekua? Alderdiarena ez, alderdiak aukeratu badu hautagaia eta kanpaina ordaindu badio? Edo legealdian bere hauteseremuko herritarrekin batere harremanik ez daukan diputatuarena?

Errazagoa litzateke hautetsiarena dela esatea, Erresuma Batuan bezala, diputatu bakoitzak bere bulegoa edukiko balu bere hautesbarrutian herritarrak hartzeko; egoitza eta laguntzaileak parlamentuak, ez alderdiak, ordainduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.