martxelo otamendi

Putinek ez dauka presarik

2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusiak eta Ukrainak ez dute bilera publikorik egin 2022tik, eta ez du ematen Ukrainak ezer probetxuzkorik lortuko duenik orduz geroztik bi aldeek ostera Istanbulen egunotan egingo dituzten topaketetan.

AEBak dira Vladimir Putini jokabidea aldaraz diezaioketen bakarrak, haiek bakarrik daukate horretan eragiteko gaitasuna, baina ez dute halakorik egin nahi. Donald Trump ez dago prest Ukrainako Gobernuaren alde Joe Bidenek egin zuena baino gehiago egiteko. Antzematen zaio hori Putini, ez baitu orain arte erakutsi ez kezkarik, ez beldurrik AEBetatik eta erridikulua egiteaz nekatzen ez den Europako Batasunetik etortzen zaizkion zigor abisuak direla eta.

Putinek badaki AEBak Ukrainako gerran soldaduekin sartzen ez diren bitartean –eta Trumpek ez du urrats hori egingo– nahi duena egin dezakeela. Denbora alde du. Errusiak ez dauka presarik, ez dago oposizio sendorik, eta seguru dago lehenago emango duela amore Ukrainak Errusiak baino. Horregatik heltzen dio Volodomir Zelenskik edozein aukerari, badakielako zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta puntu gehiagotan amore eman beharko duela inoiz egingo diren negoziazio erabakigarrietan.

Europak zigor berriak ezarriko dizkio Errusiari. Alegia, orain arte Errusiak Ukrainan egindako sarraskia ez da aski izan har zitzaketen neurri gogor guztiak hartzeko. Aurpegia eduki beharra dago!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.