Argudiorik gabe geratzen ari da Espainiako presidente Pedro Sanchez bere proiektu politikoaren zintzotasuna defenditzeko orduan, oso zaila delako gertatzen ari dena zuritzea. Politikan beti esan izan da onenak ekarri behar dituzula zure ingurura, eta, hala ere, gaizkilerik handienak balira bezala zelatatu behar dituzula. Bistan da PSOEren azken bi antolakuntza idazkarien kasuan —Jose Luis Abalos eta Santos Cerdan— alderdian inork ez duela minutu bat ere inbertitu haien ibilerak zaintzen. Era berean, aitortu behar da, paranoia kolektiboan jausi nahi ez bada, eramanezina izango litzatekeela denek denak zelatatzen dituzten erakunde bat.
Zenbat iraun lezake Sanchezek parlamentua bertan behera utzi gabe? Bi antolakuntza idazkarien ustezko ustelkeria auzia ikertzen ari den Guardia Zibilaren UCO taldeak eskuetan daukan edo lor dezakeen informazioak markatuko du Espainiako politikaren erritmoa hurrengo hilabeteetan. Marra gorri bat: antolakuntza idazkariek eskuratu duten diru ustelaren zati bat alderdira igarotzea. Kasu horretan, Sanchez presidente egin zuten alderdiek oso zaila leukakete babesa ematen segitzea, bi idazkariez gain, alderdia ere ustela litzatekeelako.
Sanchez kinka honetatik (ere) bizirik aterata, zer aukera edukiko luke inbestidurako alderdiak ostera bildu eta legeak egiten segitzeko?