Gazte belaunaldien urte askotako mobilizazio tematien ondorioz, duela hogei urte baino gehiago kendu zuen derrigorrezko soldaduska Espainiako Gobernuak —Jose Maria Aznar zen presidentea—. Zerbitzu horri uko egiten zioten gazteak gero eta gehiago zirenez, bi aukera zituzten agintariek: edo milaka gazte espetxean sartu edo derrigortasuna bertan behera utzi. Hortik aurrera armada profesionala bakarrik dauka Espainiak.
Azken urteotan, aitzitik, gero eta gehiago dira Europan soldaduskaren derrigortasunera itzuli diren estatuak, nagusiki Errusiatik gertu daudenak: Letonia, Lituania, Suedia, Estonia, Danimarka… Herrialde horiek Gerra Hotza bukatu zenean erabaki zuten soldaduska bukatzea, erasoak jasateko arriskua oso baxua zelakoan; baina Errusiak 2014an Krimea indarrez bereganatu zuenean, argi gorriak piztu ziren gobernuetako egoitzetan. Alemanian, esate baterako, Friedrich Merz gobernuburu aukeratu berriak eztabaida zabaldu du, berriro derrigorrezkoa jartzeko asmoarekin. Bide beretik doa Emmanuel Macron ere, Frantziaren handitasunarekin ahoa beteta.
Arazo larria daukate armetan dirutza xahutu nahi duten Europako herrialdeek. Nork erabiliko ditu arma sofistikatu berri horiek, gero eta gutxiago badira soldadu profesionala izateko aurkezten diren herritarrak? Herrialde batzuetan, %20 gutxiago.