martxelo otamendi

Springsteen euskaraz

2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez du euskara dagoen lekutik aterako, baina Bruce Springsteenek ikasgai ederra eman zien larunbat gauean Anoetako futbol zelaian euskara aipatzen den aldiro oztopoa besterik ikusten ez duten politikariei, enpresariei, sindikatuei, magistratuei…

Zutabegile honek inoiz kontzertu batean ikusitako pantailarik handienetakoan erakutsi zion errespetua Springsteenek euskarari. Definizio handiko hiru pantaila erraldoi erabili zituen; bata, erdikoa, etzanda, eta beste biak, zutikakoak, alde banatan. Bitan, erdikoan eta ezkerrekoan, azpidatziak euskaraz eskaini zituzten, eta bakar batean gaztelaniaz, eskuinekoan.

Umore pixka batekin esanda, prezio berean kontzertua eta bere presidente Donald Trumpen aurkako aldizkako mitintxoa egin zituen Springsteenek Donostian. Kantu batzuen hitzak euskaraz eta gaztelaniaz azpidatzi zituzten; mitinaren hitz guztiak, aitzitik, azpidatzi zituzten, esan behar zuena —zehatz esan eta ondorengo balizko arazoak ekiditeko— idatzita baitzeukan lurrean zeukan pantaila batean.

Springsteenek keinu ederra egin zion euskarari, aurreko batean Bartzelonan katalanari egin zion legez. 

Dabilela kontuz Springsteen gurera datorren hurrengoan, igual magistraturen batek erabakiko du euskara 2 gaztelania 1 proportzioa ilegala dela eta baztertu egiten dituela euskaraz ez dakitenak.

Eskerrik asko, Springsteen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.