martxelo otamendi

Valls 'suemantzailea', koloniak gobernatzen

2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ba ote dago Frantziako politikan Alderdi Sozialistako kide izan direnen artean alderdi horretako kideek Manuel Valls baino gehiago gorrotatzen duten politikaririk?

Presidente izan ezik, Frantziako politikaren eskaileraren maila guztiak igo ditu Vallsek: alkate hasi, eta lehen ministro izatera iritsi. Baina erabat politikatik kanpo ikusten genuenean, lehen ministro berriak, François Bayrouk, berpiztu egin du, eta gobernu berriaren Kolonietako ministro izendatu du.

Bartzelonan 1962an jaioa, eta 1982an Frantziako herritartasuna hartuta, Frantziako Barne ministroa eta lehen ministroa izan zen. Porrot politikoa jasan ondoren, 2019ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen Bartzelonan, alkate izango zela iragarrita. Beste porrot bat, baina bere lana egin zuen: botoa Ada Colauri emanda eragotzi zuen ERCko alkategai eta irabazle Ernest Maragall independentziazalea izatea alkate.

Gaizki hartu dute sozialistek eta ezkerreko beste alderdiek Bayrouk Valls ministro jartzea —edozein kartera emanda ere gaizki hartuko zuketen—, baina okerrago hartuko dute kolonia horiek independentziarako eskubidea daukatela aldarrikatzen duten kolonizatuek: kanakak, polinesiarrak... Frantziako oihan politikoan zegoen jakobinorik suemantzaileena jarri baitu Bayrouk koloniak gobernatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.