Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Deseroso

2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gaur berdura plazan gertatu zait, erosketak egiteko nire txandaren zain nengoela, neure kabutako gorabeheretan bil-bil. Zenbaki bat esan dute, ez dut ondo entzun. Burua jaso dut, zenbakia ikusteko pantailatxoan. Haren azpian, emakume bat, niri so. Bekainak kizkur ditu, ezpainak erdi hozkatuta, aurpegiko giharrak uzkur. Sufritzen ari dela ematen du, bistan da kezkaren bat duela. Ez dut ezagutzen, egingo nuke berak ere ezetz ni, baina haren begirada galduak nire aurpegian segitzen du. Zernahi ere den bere tristuraren kausa, zernahi ere den pentsatzen ari dena, errudun sentiarazten nau. Azken boladan maiz sentitu dut deserosotasun bera: zentro komertzialen batean, trenean, anbulatorioan… Krisiari egotzi beharko nioke gero eta jende gehiagoren begirada galdu tristea?

Begirada jaitsi dut. Nire zenbakia kantatu dutenean, erosketak egin eta, emakumeari begiratu gabe, etxeko bidea hartu dut. Eszenak gogoan segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.