Handik eta hemendik

D'Hondt adiskidea

Imanol Murua Uria.
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bere amak ere ez ezagutzeko moduan jarriko dugu herri hau», esan zuen Alfonso Guerrak 1982an, PSOEk lehendabizikoz Espainiako hauteskunde orokorrak irabazi zituenean. «Ni la madre que lo parió», bota zuen gazteleraz. Euskal hauteskunde mapa berriari begira akordatu naiz ateraldi sonatuarekin: bere amak ere ez ezagutzeko moduan jarri da euskal mapa politikoa oso urte gutxian.

D'Hond jaunak ere lagundu du pixka bat oraingoan. Nafarroan, botoen %27,5ekin, diputatuen %40 lortu dituzte indar abertzaleek. Bostetik bi, alajaina. Sekula gertatu gabea. Araban ere, inoiz ez zituzten indar abertzaleek Espainiako Kongresura bi ordezkari bidali —beti bakarra, beti EAJk—, eta ezkerreko abertzaleek inoiz ez zuten eserlekurik lortu. Araban ere, D'Hondt legea abertzaleen alde: botoen %38rekin, diputatuen %50. Gipuzkoan eta Bizkaian, Amaiurren alde egin du D'Hondt legeak: Gipuzkoan, botoen %35ekin, eserlekuen %50 (hiru diputatu); eta Bizkaian, botoen %19rekin, eserlekuen %25 (bi diputatu). Guztira, hamahiru diputatu abertzale joango dira Madrila.

Ez da lehen aldia. Hamahiru diputatu abertzaleetako bat zen Josu Muguruza 1989ko azaroaren 20an, Madrilgo Alcala hotelean tirokatuta hil zutenean. 1989ko hauteskunde haietan, bost ordezkari lortu zituen EAJk, lau HBk, bi EAk eta beste bi EEk. Abertzaleek, guztira, 710.000 bototik gora atera zituzten Hego Euskal Herrian (joan den igandean baino gehiago), eta indar espainiarzaleek, 620.000tik gora. Orduan tarta handiagoa zen, bi eserleku gehiago banatzen baitziren Bizkaian, eta bat gehiago Gipuzkoan: diputatuen erdiak izan ziren abertzaleak (13) eta espainiarzaleak beste erdiak (13). Huraxe izan zen abertzaleen emaitzarik onena. Handik lau urtera, 1993an, Rufi Etxeberria txofer zuela Jon Idigoras Zarzuela jauregira joan zen hartan, eserleku kopuruak, boto proportzioak eta dena aldatuta zeuden: HBko bi diputatuetako bat besterik ez zen Idigoras; EAJko bostekin eta EA-EUEko bakarrarekin, abertzaleak zortzi besterik ez ziren, eta hamasei besteak. Geroztik, arrazoi ezberdinak tarteko, gutxi aldatu dira proportzioak Madrilgo euskal ordezkaritzari dagokionez. Gaur arte.

Orain, sekula ez bezala, bi talde parlamentario sendo izango dituzte abertzaleek Madrilen. Eta orain, 1989an ez bezala, bi taldeen arteko elkarlana posible da, eta horretarako asmoa agertu ere egin dute, gainera. Euskal Herriko mapa politiko berrian, hainbestetan aipatutako lau hankako mahaia finkatzen hasi da. Hamahiru diputatu abertzale eta hamar ez-abertzale, baina, indar korrelazioari dagokionez, tamaina bertsuko lau zati utzi ditu Espainiako hauteskundeen tartak. Lau indarrak irteera puntuan elkarren parean jarri balira bezala da: abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko indar korrelaziorako borroka, batetik, eta eremu bakoitzaren barruko hegemoniarako borroka, bestetik. EAJren eta Bildu/Amaiurren artekoa hasi besterik ez da egin. Olatu gainean egin ditu Bildu/Amaiurrek lehen bi borrokak, eta olatu beraren gainean irits daiteke Eusko Legebiltzarreko bozetara ere. EAJk, hala ere, eutsi egin dio. Benetako lehiaren atarian gara. Lehendakarigaiak, honezkero, beroketa ariketak egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.