Nik ez dut gaitasuna eta zintzotasuna besterik bilatzen» utzi zuen idatzita. Eta printzipio bihurtezinak zituen: «Derrigor atsegina zaio errepublikar bati eginbehar sakratu hau: alegia, bere administrazioaren berri herriaren ordezkariei ematea». Demokrazia eta partehartzailetzaz asko hitz egiten da garaiotan. Argi zeukan berak ez zela aski legea betetzea, hiritar bakoitzak hura bete zedin ardura hartzea premiazkoa zela. «Errenta publikoen inbertsio zuzena zaindu gizartearen onerako, eta haien defraudatzaileak herriaren ordezkarien aurrean salatu, dela zergarien iruzurra, dela administratzaileena edo haiek zuzentzen dituen Gobernuarena».
Gogorra zen oso hala egiten ez zutenekiko. «Edozein funtzionario publiko, ondasun publikoetatik hamar pesotik gora xahutu edo beretzat hartu dituela epaiketan frogatzen zaiona, herio zigorraren mende geratzen da». Eta epaileekiko ere ez da bigunagoa: «Venezuelan zigor bera jasoko dute konnibentziaz, partzialkeriaz edo beste edozein arrazoiz herio zigorra delinkuenteen alde leuntzen duten funtzionarioek».
Predikuak exenpluekin hornitzen zituen, ordea, eta handia zen bere buruarekiko zuen atxikimendurik eza. «Nire grina sutsua, nire nahirik handiena, askatasun zalearen izena eramatea da», azaldu zuen bere garaian. Eta askatasun grina horrek zer ekarri zion ere berak onartu zuen: «Askatasun zaletasunak neure sentimendu guztien kontrako ofizioa segitzera eraman nau». Enfatikoa eta benetakoa agertzen zen, desinteres pertsonala azaltzean: «Beti pentsatu izan dut askatasuna eta aintzaren alde diharduenak ez duela aintza eta askatasunaz beste saririk behar».
«Aberria edozer baino lehenago da», bota zuen behin baino gehiagotan. Eta bere konspiratzaile sena ere argudiatu zuen: «Beti da handi, beti da bikain, beti da bidezko, tiraniaren kontra, usurpatzaileen kontra eta gerra hondagarri eta zitalaren kontra konspiratzea». Itxaropenari zirrikituak ireki zizkion: «Askatasunaren alde gudukatu diren munduko herri guztiek sakailatu dituzte azkenerako beren tiranoak».
Eta aurreikuspen gaitasun handia erakutsi zuen, esaterako, Panamako Santander presidenteari, kanala ireki nahi zuen enpresaren babesean biak elkartzea proposatu zionean honakoa erantzutean: «Ikusi dut zure eskutitza, istmoaren zehar bi itsasoak bat egiteko jarriko den konpainiaren babesle izan nadila proposatzen didazuna. Zure esanak ongi hausnartu ondoren, bidezko iruditu zait ez bakarrik horretan parte ez hartzea, baizik zu ere ez sartzeko aholkatzea. Ziur nago inork ez duela begi onez ikusiko gu biok, gobernuaren buru egon garenok eta gaudenok, proiektu arras espekulatiboetan nahastea, eta gure etsaiek, batez ere gertuen zauden horrenek, interpretazio makurra emango liokete herriaren ona eta oparotasuna baizik ez dakarren horri. Hauxe da nire iritzia zuk egin behar duzunari buruz, eta nire aldetik oso osoan nago negozio horretan ez merkatal usainik duen beste inolakotan ez nahasteko».
Dozenaren bat aipu ekarri ditut hona. Ez dira, jakina, Hugo Chavezenak. Simon Bolibar, Askatzailearenak dira. J.L. Salcedo Bastardok idatzi, Martin Ugaldek hauspotu eta Xabier Amurizak euskarara itzuli ostean duela hogeita hamabost urte Ediciones Vascasek argitaraturiko liburu batetik hartu ditut. Ez dira Hugo Chavezen esaldiak, baina izan zitezkeen. Diru publikoaren kudeaketaz eta iruzurgile eta lapurrei jarri beharreko zigorrei buruzko iritziak, askatasunaren balioaz eta norbere buruarekiko atxikimendu urriaz dituen usteak, aberriari buruzkoak…egun Hego Ameriketan bizitzen ari den susperraldiaren oinarrian daude.
Munduko ipuin laburrik ezagunena da Augusto Monterrosoren hura: «Esnatzean, artean han zegoen dinosauroa». Bikaina. Interpretazio asko onartzen dituelako bere laburrean. Dinosauroa izan daiteke Simon Bolivar. Izan daiteke, joan zen asteartetik, Hugo Chavez bera. Izan daiteke Fidel Castro edo Evo Morales. Izan daiteke yankien presentzia inperialista betikoa ere. Eta itsasoaz honantz, izan daiteke dinosauroa Juan Carlos errege borboitarra, mendeetan besteak zapaltzen ohitua eta orain bera zutik egon ezin dena. Espainiako Gobernukideren bati, berriz, Monterrosoren ipuina ezagutzen duen galdetuko bagenio, baietz erantzungo luke, oso polita iruditzen zaiola, ari dela irakurtzen.

Plazatik
Dinosauroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu