Besteren loa eta norbere janaria errespetatzen ikasi genuen umetan. Udalekuetan esaterako, hobeto ikusia zegoen elkarri harri tiraka egitea elkarri ogi pusketak jaurtitzea baino. Elikadurari jatea deitzen zitzaion sasoi urrunetan, ogi zati bat lurrera eroriz gero, jaso eta muin ematea zen derrigorrezko ohitura. Ez zen amarik, ez da Historian izango, umeei poloak jan ordez helatuak jateko aholkatu ez dienik, «poloak ez baitira izotza besterik». Xebastian Lizasoren aldamenean milaka otordu egina, erreparatu nion landetarraren ohitura bati: otordua zoparekin hasten genuenero aitaren egiten zuen. Beste edozer bazen estreinako platerakoa, ez. Halako batean, ausartu egin nintzen galdetzera ea zergatik zoparekin hastean aitaren egiten zuen eta zopa tarteko ez bazen ez zuen egiten. Azalpen antropologiko bat espero nuen mendeen leizean galduko zena. Sorbaldak harrotu, eta «mani puta bat» erantzun zidan.
Janaren inguruko lau-bost kontu pilatu ditut, hutsalak akaso, euskaldunon tripazai topikoaz haratagoko zerbait badagoela azaldu nahian. Joan den asteko albisteak aztoratu egin nau ordea. Ohituak gaude pertsona harrapakari handia dela jabetzera. Gai da edozeri heldu eta haren inguruko negozioa sortu eta burutzeko. Haizearen indarra erabiltzeko gauza zela frogatu eta hurrengo urratsa, haize-errota erraldoiak tarteko, haizeari ere diru-etekina ateratzeko gai dela erakustea izan zen. Zaborra sortzeko gaitasuna zuela frogatu ondorengo pausoa berriz, zabor horren kudeaketari diru-etekina nork eta nola aterako pentsatzen hastea izango zen. Sare bat ere sortzeko kapaz izan zen pertsona, sare birtuala, guztion arteko informazioa eta komunikazioa izugarri samurtzen duena. Eta hor ere dirua omen dabil barra-barra, diru erreala mundu birtual batean ernaldua. Haizea, zaborra, sarea... diru-etekin izan zitezkeela bururatu zitzaionak bazuen, argitasunaz aparte, bestelako akatsen bat. Janaritan eskua sartzeko gai denak duen akats berbera.
Ahalegindu naiz eskoletan jaten ematen duten zortzi enpresari jarri dieten milioi askotako isunaren nondik norakoak ulertzen. Nik ez nekien Lehiaren Euskal Agintaritza izeneko zerbait bazenik ere. Ez nekien jantokiak hornitzeko lan eskaintzek bi fase izaten zituztenik. Ez nekien enpresa batzuek baino ez zutela lehenengoa gainditzen. Ez nekien gero bat egiten zutenik. Ez nekien euren artean prezioak adosten zituztenik. Ez nekien beste enpresa batek salaketa jarri zienik. Nik ez nekien deus eta zenbat dakidan jakin gabe segitzen dut. Ez dakit Jaurlaritzak bere kontrol lana behar bezala egin duen. Ez dakit legez edo legez kanpo ari ziren isuna jaso duten enpresak. Ez dakit legez aritzeak giza-legez aritzea berez dakarren. Dakidan bakarra da azaleratu denak ez duela usain onik. Eta zerbait bada uztarrezina, kiratsa eta janaria da.
Niri, tranpa xumeak gustatzen zaizkit. Aspergarria litzateke bizitza tranparik gabea. Baina tranpa iruzur bilakatzen delarik ez zait erakargarri. Mekanismo konplexuegiak ditu bitarteko. Eta pereza sortzen du mekanismo horiek nolakoak diren zehaztu eta xehe-mehe ulertu nahian haste hutsak. Zorionez edo zoritxarrez konturatu naiz nire antzeko dexente dabilela bazterretan. Zutabe hau gogoan, hainbat ingurukori galdetu diet eskola-jantokien aferari buruzko iritzia. Bazela guztiek zekiten; ulertu ustean zeuden gehienak; azalpenen batzuk emateko ere gai ziren. Zehatz-mehatz ordea, inork ez du asmatu nire argirik eza gainditzen.
Argibide berrien bila, eskolara joaten hasi ginenetik eguneroko ogi izan dugun Einsteinen Erlatibitateari buruzko teoria eta grabitazio uhinen kontua ulertu nahian hastea hobe dut. Mesede handiagoa egingo dit; kalte txikiagoak sortuko ditut.

PLAZATIK
Eguneroko ogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu