Onintza Enbeita

Abuztua

2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umetan luzea eta ederra iruditzen zitzaidan uda. Bizikleta hartu eta gora eta behera ibiltzen ginen egun amaiezin haiek ez dira hain luzeak izan tabernetako terrazetan esertzen ikasi genuenetik. Hondartzara eramaten gintuzten lantzean behin, eta Gernika eta Zornotzako jaietan barraketan ibiltzen ginen. Urtean zehar arazoren bat izan bagenuen, desagertu egiten zen. Eskolan izandako buruko minak han gelditzen ziren irailera arte, eta familia giroan ahaztu egiten ziren taldean enkajatu nahi eta ezinak eragindako minak. Irailean maite genituen zein maite ez genituen irakasleekin egin beharko genuen topo berriro, baina hilabete eta erdiko su-etenak dena sendatzen zuen. Ez genuen asko behar. Belarrak egiteko garaian haserretzen ginen apurren bat gurasoekin, baina uztaileko lehen hamabostaldian amaitzen genituen normalean. Hortik aurrera, udako egunek ez zuten mugarik izaten.

Orain gizartea asko aldatuta dago. Uda laburregia da egin behar ditugun gauza guztiak egiteko. Aisialdiak eta oporrek lana bezain produktiboak izan behar dutela dirudi, eta ez dugu denetarako denborarik. Deskantsatu egin behar dugula esaten dugu, baina joaten garen lekura joaten garela, are nekatuago etortzen gara. Etxe inguruan gelditzeak ez du balio, eta behin han urruti gaudela, ez dakit noren Instagramean edo ez dakit zelako web orrialdetan edo norbaitek utzitako turismo gidan azaltzen diren lekuak ikusi behar izaten ditugu derrigor. Neguan egin gabeko etxeko lanak ere egin nahi izaten dira, eta familiarekin egoteko aprobetxatu, eta lagunekin aspaldi hitzemandako afaria egin, eta parrandan atera, eta eguzkia hartu, eta ez dakit zenbat gauza gehiago, eta azkenean pott eginda iristen gara irailera: egin nahi genuen guztia ez egitearen frustrazioak jota.

Berez, zoragarriak dira orain ere udak, baina magia hura galdu egin dute (niretzat). Adinak eragingo du, baina ez dut uste hori bakarrik denik. Lehen ez bezala, orain norbere ernegu guztiekin joaten gara leku guztietara, eta neguko borrokek iraun egiten dute abuztuan. Bai barrukoek eta bai kanpokoek. Eta neguan esan ez ditugun gauzak ez dira izerditan lurruntzen. Esan nahiko nuke ez dudala uda hain produktiboa izan eta ez didala inporta, baina ez da egia. Inporta dit. Nik ere nahi dut bizitza zoragarria marraztu jendearen aurrean, baina beti ezin da.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.